XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Donostian, bai Urgull gazteluan eta bai Santa Mariaren dorrean, beti egoten zen norbait katalejuz zaintzen; kanoikada baten kea antzeman bezain laster, beren kanpaiak ahalik eta gogorren jotzea zen haien lana, kaleetan zebilen jendea etxeetan babes zedin.

Eta San Sebastian eguna etorri zen, 1876ko urtarrilaren 20a.

Gerra gorabehera, jaia ospatzen saiatu ziren.

Bilintx egun hartan traje berria estreinatzera zihoan; janzten hastea baino ez zuen egin, kanpai-hots abisaria entzun zuenean.

Haren emaztea eta seme-alabak behera jaitsi ziren, baina olerkariari ez zion astirik eman.

Granada ez zen zuzenean heldu aurretik beste etxe batean jo zuen eta errebotean Bilintxen gelan sartu zen leihotik.

Madrileko egunkariek ere eman zuten ezbeharraren berri, zabaltasunez eta zehatz-mehatz.

1876ko urtarrilaren 24ko La Correspondenciak horrela eman zuen berria:

... Artilari karlistek, egun honi oroitzapen tristea eman nahian edo, beste egun batzutan baino kanoikada gehiago bota dituzte enparantzaren kontra, ondorioz, ezbehar handi bi utzi dituztelarik.

Proiektiletako batek, euskal olerkari eta La Correspondenciako berriemale den Bilintx Jaunaren etxean egin du estanda.

Zangoaren erdiko herenean zauritu du, bi hezurrak txiki-txiki eginda geratu zaizkiolarik, horregatik moztu egin behar izan zaio.

Ebakuntza zail hau Sagastume jaunak, hiriburu honetako Gurutze Gorriaren lehendakariak burutu du Maiora, Aristizabal, Oa eta Tames Jaun fakultatiboek lagundurik.

Mozketaren aurrean, gaixoa gogor agertu da izpirituz eta ez du bere ezbeharragatik aienerik egin, duen arima handia eta gorabeherei aurre egiteko indarra argi eta garbi erakutsiz.

Beste kasko batek, ezkerreko zangoaren kontrako herenean zauritu du hezur biak hautsiz eta, bestalde, zenbait kolpe ere egin dizkio; baina ez dugu uste moztu beharko zaionik.

(...). Bilintxek 35 urte dauzka; gehienak, zintzoki etorkizuna irabazten, eta luma eta fusilaz baliatuz, askatasuna defendatzen emandakoak. (...).

Gertaera haren ostean, Bilintxen bizitzak sei hilabetez iraun zuen bakarrik.

Lehen kurak egin zizkioten eta egunkariek ez zuten bere heriotzera arte gehiago aipatu.

Min handiak jasan zituen eta gangrena lehen sintomak ere agertu zitzaizkion.

Batzutan burua galtzen zuen eta ez zekien zer esaten edo egiten zuen.

Horietako batean zenbait paper hartu eta su eman zien.

Inork ez daki orduan zer galdu zen.

Beste paper batzu aldiz, Larramendiren hiztegiaren orrialdeen artean zirenak, gorde ahal izan ziren.

Olerkari donostiarrak hil arte kalbario latz eta mingarria jasan zuen; izan ere, sei hilabetez egon behar izan zuen ohean, zangoak etsaiaren granada zela eta guztiz deusezturik eta hain luzea zen agoniaren sentikizun tristeak berarekin zituela.

1876ko uztailaren 22an Diario de San Sebastianek, bi berri triste eman zituen lehen orrian; lehena, Foruak kendu zituztela eta horrela bukatzen zuen artikuluak: "Foruak hil egin dira! Gora Foruak!".

Ondoren Bilintxen heriotzari buruzko berria zetorren:

Gaurko goizaldeko lauretan, Indalezio Bizkarrondo euskal olerkari ospetsua hil da, joan zen urtarrilaren 20az geroztik itzelezko estualdiak bizi ondoren; karlistek Hiri hau bonbardatu (...).